XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Enterratzailea eta saguzarra

Elkarrizketa

Jon Etxaniz

Primera Plana filmean, zera esaten dio Walther Mattauk Susan Saradoni:

Hobe duzu enterratzaile batekin ezkontzea, eta ez kazetari batekin.

Hemen gaude bada, buruz buru, enterratzailea eta kazetaria, fama txarreko ofizioan biak.

Jon Etxaniz antzuolarra, 12 urte enterratzaile Arrasaten, kanposantuan duen bulegoan harrapatu genuen.

Bulegoko dekorazioan, disekatutako saguzar bat paretean iltzatuta.

- Arazo berezirik ogibide honekin?

- Lana ez da txarra.

Txarrena psikologikoki izango da.

Eskuz lan gutxi da.

Jendearekin hitz egin eta egon behar izaten da eta, badakizu, jendea leku honetara penaz etortzen da, eta hartu egin behar duzu...

- Nitxoak hustutzean, jendeak eroan egiten ditu hezurrak?

- Batzuek bai.

Adibidez, joan zen astean, batek bi erresto eroan zituen.

Normalean batzuek bai, badakizu zergatik?

Hor hegoaldean nitxoak eta panteoiak normalean betirako izaten dira, erositako propietatea dira.

Orduan, Palencian, Zamoran edo Extremaduran panteoi bat edo nitxo bat daukanak nahi izaten du errestoak hara eroan eta betiko han sartu.

Hemen 10 urterako izaten dira, eta 10 urteak segituan pasatzen dira.

- Ganberradak gertatu izan dira hemen?

- Ertzaintza etorri arte, hori izan zen hemengo arazorik handiena.

Gauean sartzen ziren koadrilak, eta goiz aldean agertzen ziren txanpain botilak edo jeringilak.

Horrelako gauzekin ibili ginen 2 edo 3 urte, ia egunero.

Gero nik eman nion partea Ertzaintzari, mesedez begiratzeko apurtxo bat.

Behin destrozoak ere egon ziren, nitxo bateko kristalak eta apurtu zituzten; bestela ez, nahiko dezente ibiltzen ziren.

Beste leku batzuetan izan dira destrozoak, adibidez, Eibarren, Ermuan, Tolosan.

- Erlijiosoa zara?

Edo baduzu siniskeriarik?

- Beno, ez dut asko sinisten.

Zeozertan sinistu egin behar duzu, baina Jaungoikoa edo zeozer konkretua.... ez dakit.

Superstizioa? beti egoten da zeozer baina ez dut ezer arrarorik ikusi hemen inoiz.

Behin irakurri nuen liburu batean kanposantuetan espirituek zarata batzuk egiten dituztela, ultratunbako ahotsak edo, eta hori konprobatuta zegoela.

Baina hemen ez dut sekula ere horrelakorik sentitu.

Nik ez daukat beldurrik hemen.

Hori bai, ez nuke apustu bat egingo.

- Autopsiak egiten dira hemen?

- Egin izan ditugu 30 bat autopsia ni hemen nagoela.

Gero nola depositoa oso zaharra geratu den, forenseak esan zuen konpontzen ez bazuten, Zumarragara eroateko.

Eta orain dela 3 urtetik edo, Zumarragako depositoan egiten dira.

Autopsia aukera polita da gauzak hurbiletik ikusteko, gauzak nolakoak diren jakiteko

- Gogorra izango da autopsiarena, ezta?

- Niretzako ez, aukera bat da gauzak hurbiletik ikusteko.

Polita izaten da, jakiteko zer den bihotzeko infarto bat edo.

Eta autopsian ikusten duzu nola geratzen den bihotza: garbitu eta beti agertzen da bihotzaren paretetan zimurtuta, globo bat puztu eta behatzarekin raka-raka egitean bezala, zimurtuta geratzen da.

Edo asfixiatuta hiltzen dena, nola jakin? normalean gibelean ez da likidorik edukitzen eta barrua sikua izaten da, baina pertsona hori itota edo asfixiaz asesinatuta hil bada, likidoa geratzen da, bitsa moduan gibelean, eta hori da sintoma bat, ez dela heriotza naturala izan.

- Barkatu galdera, baina zer da horko saguzar hori?

- Hori umearen kapritxo bat izan zen, saguzar hori hartu zuela teilatu batean, eta esan zidan, jo aita, disekatu hau.

Lehenago tximeleta bat neukan, baina semea (9 urtekoa) etorri zitzaidanez, ba...